Aisiaren garrantzia eta gaurkotasuna

Aisiaren garrantzia eta gaurkotasuna

Inoiz hausnartu duzu zer den aisia, zenbat ordu ematen duzun horretan edo gaurko gizartean nolako garrantzia duen? Nahiko ohikoa da, hain eguneroko diren fenomenoak aztertzen ditugunean, nondik nora doazen badakigula pentsatu eta merezi duten arreta ez ematea.

Nekez uler daiteke gaurko gizartea, non eta aisia XXI. mendeko garapen-oinarri garrantzitsua dela jakiten ez den. Hau horrela dela ikusteko, nahikoa da gelditu eta pentsatzea zer adierazten duten gaur egun, ekonomikoki eta kulturalki, ikuskizunaren munduak, telebistak, kirolek, turismoak, musika modernoak, parke tematikoek, ausazko jokoek edo museoek. Aisiaren giza esperientzia leku guztietan eta pertsona guztiengan azaltzen da. Badago jokoetan, kirol-praktiketan, bidaietan, oporraldietan eta asteburu musikaz, festaz eta abarrez beteetan (edo hutsetan). Aisiaren esperientziarik eza nabari da asperraldietan, integrazio-, sormen-, ekimen-…faltan, eta, horrexen ondorioz datoz tristura, zentzurik eza edo drogetarako joera. Aisia etengabe aldatzen ari den errealitatea da, eta jakintzen aroan, bere lekua bete aurretik, erabateko metamorfosia jasaten du.

Aisia modernoa, industria-garaiaren ondorioa, etengabe aurreratu den errealitatea izan da. Kantitatean eta erabilera berrietan ez ezik, benetako eskuragarritasunean ere areagotu da. XX. mendearen amaieran, herri aurreratuenetako hiritar gehienek aisia demokratiko eta orokorra gozatzea zuten. Beraren garapen eta bilakaerak ekarri du gaur ezagutzen dugun egoera ahalbidetu duten bizimoduak aurkitzea. Baina, aldi berean, aisia demokratizatzeak zerbait ekarri du: mentalitate-aldaketa, eta balioen eta inguratzen gaituen munduaren beste kontzepzio bat.

III. milurtekoa etorri denean, gure izaera eta bizimodu parekagaitzak zalantzan jarri dira. Kontzepzio berri batzuek, hain zuzen ere munduan egoteko era eta erabilera berriek, modu orokorrean eta generikoan dei dezakegun herritartasun berria ekarri dute. Azken urteotan, herri garatuetan batik bat, suertatu den aldaketak agerian jarri du galdera ezezagunak egiten dituzten bizimodu berrien garrantzia. Aisia oso elementu oinarrizkoa izan da aldaketa horretan, eta gure gizartean ere gero eta garrantzizkoago da. Inguratzen gaituen errealitate berriak izugarri ugaritu ditu aukeratzeko gure ahalmenak, ezen gogobetetasuna ez baita lortzen gehiago izanda edo gastatuta, baizik eta geure buruarekin eta inguruarekin hobeto sentiarazten gaituena hautatuta. Ezagueraren garaian giza historian aurrekorik ez duen beste testuinguru batean bizitzen ikasi behar dugu, eguneroko errealitatea izan arren. Testuinguru berri honetan hainbat kontu berriro definitu beharko ditugu: denbora- eta espazio-erabilerak, edo lana eta aisia ulertzeko modua.

 

Informazio gehiago

Manuel Cuenca Cabeza, 2009 Aisiaren Pedagogia: Ereduak eta Proposamenak. Bilbao: Deustuko Unibertsitatea, 23-24.

 

Compartir es vivir:

También te podría gustar...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *